XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Semealabadun semealabak


GURE gorputz iletsuekin, errealitatea deritzagunaren
gainean arrelepo eserita,
gure hats higuingarriekin lagunei eta etsaiei
zermoduz eta agur esaten,
zango labur azkarrez alde batetik bestera
eta beti ortzemugaruntz begira,


tresnak (hezur, egur, harri, burdinak) tresneziaz
erabiltzen,
dugun bizitza bakarra derrigorrezkoak diren
gauzetarako eskainiz,
semealabak egiteko semealabak eginez,
eta gero zer.


Mila urte igarota apenas aurkituko dugu
geure hondarrik,
bizpairu burezur Nafarroako mendietan,
txatarra zibernetiko herdoildu bat Bilbon,
harrizko aizkorak, haur hilak lako hitzen batzu
hiztegietan,


eta izerdiak, eta zauri pasmatuak, eta
beherantzakoak.
Kriptogramak izkiriatzen ditugu, ailitzez eta
geroez, mintzaira asmatzeko.
Eta giltzak uzten dizkiogu ondoretzat batak besteari,
aterik gabe.


Paleontologikoak gara oraindik, aita
Jose Migel,
orainaren oroiminaz higatzen garen
cromagnonaren herkideok